Mariviren memorian
DENA DA BIZITZAN HEGALDI
Dena da bizitzan hegaldi,
lumen kontzertu arina
baso itxian;
odola eta hezurra, haragia eta ura,
aire leun eta hezean barrena;
argizko orratzak
gauaren azal lodia zauritzen;
izar lasai eta jostalarien dantza;
hodeien joan-etorri xumea,
enbarazurik egin nahi ez balute bezala;
ur basatien zurrumurrua,
ezbesterik ez baitute ezagutzen;
lorik eza, eromera, itzala, mina:
ez dute sumatzen
ez denbora geldiaren neurririk,
preso bere suzko ispiluan,
ez neguaren arintasunik,
bakardadea eta isiltasuna garraio.
Haizea astintzen du hegaztiak,
nola maitaleak oherako errezela.
Dena da bizitzan hurbiltasun.
Dena da agur eta minaldi.
Felipe Juaristi, 2004

